Archive for Urtarrila, 2008

beti dago beste pauso bat emateko (eta III)

Posted on Urtarrila 30th, 2008 in ipuinak | 1 Comment »

Ohera joan nintzen negar egitera aita etorri bitartean. Amonaren eroria ezin burutik kendu nenbilen. Behin eta berriz zetorkidan amonaren aurpegiak amaren oina kolpatzearen irudia. Plaust! Amona errenka, begiak zerura begira eta amaren oina. Plaust! Ur txorrota, kikara, amona errenka, eskutrapua, begiak zerura eta amaren oina. Plaust! Eta plaust! Eta plaust! Etenik gabe, amaierarik gabe. Azkenean loak hartu ninduen.  

Deblauki esnatu nintzen bihotzeko kolpe batek jota. Sukaldera jeitsi nintzen eta lurrean botata bezala jarraitzen zuen eskutrapuak amonaren irudia itzuli zidan begitartera. Plaust! Eta negarra erne zitzaidan berriz ere lehorturik nituen makarrak garbituz. Trapua hartu eta ohera bueltatzea pentsatu nuen. Amonaren logela paretik pasatzen ari nintzela Nuria nola zegoen ikustea otu zitzaidan, elkarrekin lo egiten bait zuten amonaren nahi espresuaz. Poliki poliki, Nuria ez esnatzeko ahaleginez, atea irekitzen hasi nintzen. Aita ahizparekin zegoen. Buruz gora etzanda zegoen. Nuria esna eta jolasean, barre-algaraka. Aita bilutsik zegoen eta Nuriak bere zakil tenteari eragiten zion. Aita zurrungaka. Astindu bat sentitu nuen erraietan. Eta nere burua ikusi nuen Nuriaren tokian. Jolasean. Eta aitaren zurrungak hasperen eta intziri bilakatu ziren. Orduan jolas, olgantza eta jakin-mina zena, instant batean zer mingarri, garratz eta mingots batean bilakatu zen. Nere burua jolasean ikusten nuen eta Nuria ordea aitaren doilorkeriaren menpe.  

Ikuskizun nazkagarri hark goragalea ekarri zidan eta ikastolara korrika batean iristen ari nintzela hiru aldiz egin nuen oka.

 Mirenek nahi nuenean beregana jotzeko esaten zidan beti, baita ikasgelatik irten behar banuen ere, berak irakaslearekin hitz egingo zuela. Lasai egoteko. Eta hemen aurkitzen naiz, bere ate parean, zutik, zer egin ezin jakinda. Kaskezurrean kola txuriz blaituriko korapilo ertsi bat daukat burmuinaren ordez. Amona amaren oin gainean ikusten dut. Gero eta haundiagoa egiten ari da. Nuria gaixoa. Hain handia da ezen begiak beren zuloetatik eroriko zaizkidala pentsatzen hasia naiz. Amona gerlaria ahuspez. Tripetako heste nahasiak baino are egoera larriagoan sentitzen dut burua. Ama jakitun. Zurrunbilo geldiezin batean nago eta buru-tripetatik gorputzeko gainontzeko organuetara doa abiada bizian, parean topatzen duena berekin eramanaz, dena hankaz gora irauliz. Ama ezjakin. Eskumuturrak gogor hestutzen ditut eta azkazalekin esku-azpiak zartatzen ditut odola ixurtzeraino. Aita basati zikoitza. Besoetako tentsioa hanketara doa eta ostikoka hasi aurretik nahiago dut berriz korrika hastea indarrak galdu arte. Orduan atea ireki eta Mirenen aurpegi garbia agertzen da. Eskua zabaltzen dit barrura sartzeko keinua eginez: “Beti dago beste pauso bat emateko, baina zuk eman behar duzu”.

 Eskua poltsikoan sartu eta amonaren eskutrapua hartzen dut negarrari eusteko.

beti dago beste pauso bat emateko (II)

Posted on Urtarrila 29th, 2008 in ipuinak | No Comments »

Egunez egun egoera larritzen joan zen, orain ikusten dut. Amonak ez zuen inora joateko intentziorik, bere iloba bakarrekin geratuko zen, bere eguzki eta ilargi ginen Nuria eta Laiarekin. Gure zaintzailea zen, jaten ematen ziguna, garbitzen gintuena, ipuinak kontatzen zizkiguna, ikastolara eramaten gintuena, negargure eta penak arintzen zizkigunak, gurekin jolas egiten zuena, kaletik pasiran eskutik heltzen gintuena… 

Amonagan gehien gogoratzen dudana esku zimur haiek dira. Erroitzez pitzatutako azal fina zuen amonak, baserriko lanaren ondorioz eguzkiaren beroaz ilundutakoa. Horrexegatik ere hatzetan berealdiko indarra garatu zuela pentsatzen nuen maiz, arranoaren erpeak ziruditen, baina zirujauaren doitasunarekin erabiliak. Egia esan, oraintsu arte aita-amaren oroitzapenik ez nuela gordetzen pentsatzen nuen, amonaren eragin ikaragarriarengatik eta gurasoen bizitza lanpetuagatik. Baina oker nengoen. Orain badakit. 

Amonak kikara garbitzen jarraitzen zuen. Eskuak kanilako urazpiaren berotasunean beratzen ahaztuta bezala. Berrindartzen ari zen amona, bere gorputzari baino gogoari denbora apur bat ematen alabari aurre egin ahal izateko. Egi haundi bat esateko. Alabak sinetsi nahiko ez lukeen egia. Ahoskatzeko gai izango ote zen kezka sortarazten zion egia mingarria.  

Amonak eskutrapua hartu eta poliki poliki bere gorputz makurtua zuzentzen hasi zen. Kanilako txorrota itxi, kikara bere txapaldan utzi keinu zeremoniatsu batean, eta amarengana zuzendu zen mugitzeko zailtasuna sortarazten zion erren pittin batekin. Trapua eskuartean zuela, beti bezala, sineskeri kutsu bat gordetzen duen antzinako erlikia bailitzan, amaren parean paratu zen. Baserritik amonaren gurariz ekarria izan zen korridoreko paretako ordulariak, aitonaren oroigarri bakarra, goizeko zortzirak eman zituen. Denbora geldi-geldi pasa ohi zen. Arnasa sakon hartu zuen amonak, indarberritzeko falta zuen azken keinua izango balitz bezala. Baina ez, bere azken arnasaldia izan zen ordea.  

Begiak okertu zitzaizkion zerura begira eta zerraldo erori zen amaren oinetara, ahuspez. Esne katiluak eskuartetik ihes egin zidan eta negarrez hasi nintzen. Amak ez zuen txintik ere atera. Eskuineko oina amonaren aurpegi azpitik atera eta telefonora hurbildu zen. Ordu laurden bat itxaron genuen biak eserita, bata bestearen ondoan, hitzik esan gabe. Anbulantzia etorri, amona lurretik jaso eta eraman egin zuten. Ama berarekin joan zen. “Aitatxo berehala etorriko da. Itxaron hemen eta azaldu gertatutakoa”.

beti dago beste pauso bat emateko (I)

Posted on Urtarrila 28th, 2008 in ipuinak | No Comments »

Behingoz argi eta garbi ikusi dut. Arima sakoneko meandro lohitsuetan galduta edo ezkutatuta edo zokoratuta biziraun duen hura. Bihotza ere belzten didan hura, gau baten atzetik, beste bat eta beste bat, amaierarik gabeko iluntasun hotz eta printzatu batera bultzatzen nauen hura. Garbitasunik gardenenean antzemateko gai izan naiz. Azkenean. Zer egin orain? Atea joko al dut? 

“Laiak oso arduratuta nauka” zioen amonak harraskatik burua altxatu ezinik. Begiak  eguneroko kafe garratza hartzen zuen eta garbitzen ari zen kikaran hiltzaturik zituen. Mostratxak jaboi guztia galdua zuen jadanik, baina amonak bira eta bira ematen zion barrutik kikarari, gelditzeko gauza izan gabe. Gorputz garaitua zirudien.

 “Ez zaitez berriz horrekin hasi ama” erantzuten zion amak, “mesedez…” erregutu ere. Nolabaiteko grazia egiten jarraitzen zidan amak amonari ere ama deitzea. Nik ulertzen nuen, baina Nuriak lau urte zituenez oraindik ez. Nik bederatzi nituen. Amak ez zuen amonarekin eztabaidatu nahi. Lehen ere entzun izan nituen nitaz hitz egiten, baita eztabaidatu ere, garraixi batean. Amonak negar-zotinka amaitzen zuen gehienetan. Haseran amak eztabaidarako bidea ematen zion baina azken aste haietan ez zion hitz izpirik ere esaten uzten, zuzenean txilioka erantzuten zion bere burua erasotua ikusten zuenean. 

Mirenek, ikastolako psikologoak, egoera horiek lasaitasunez hartzeko eskatzen zidan. Nik ez nituela errieta haiek ulertzen esaten nion eta berak ama-alaben arteko urteetako tira-birak zirela esanez lasaitzen saiatzen zen.

 “Nuria esnatuko duzu deiadar horiekin” gogorarazten zion amonak amari. Ez zuen jada bere burua beste inor erabili gabe babesteko indar nahikorik gaixoak. Pena ematen zidan. Ez nuen ulertzen amonari horrela hitz egiteko arrazoiak nondik sor zitezkeen: basakeria horiek baserrian gertatzen zirela, nahi izan ezkero beste alaba batekin bizitzera joateko, uzteko pakean bere familia… Amak oso krudela izaten bazekien nahi zuenean.

profesor 2.0

Posted on Urtarrila 25th, 2008 in hezkuntza | 2 Comments »

Hurrengo helbidean (http://mu20.blogs.mondragon.edu/) esaten denarekiko burutazio batzuk 

Oker ez banago, zuen blog-en erabilpen berri eta berritzailearen atzean, alde batetik, teknologia berrien erabilpenak esploratzea eta bestetik, ikasleen parte-hartze eta ikasteko forma berriak daudela iruditzen zait. Ez da saiakera makala, bejondeizuela!

Halere, irakurri dizuedan oro edukien inguruko hausnarketak dira soilik, naiz eta zuzen-zuzenean ikaslearen parte-hartzeaz ari zareten: ikasleen artekoaz, ikasle-irakasle binomioaren artekoaz eta ikasle-talde eta irakaslearen artekoaz. Eta honek dimentsio berri ugari irekitzen ditu. Begi bistakoa da komunikatzeko forma berriek harremanatzeko erak ere aldatzen eta baldintzatzen dituela, baina bide batez argi dagoena, harreman prozesuaren funtzioa indarrean jarraitzen duela da. Hau da, harreman bat beste bati bideratutako ekintza bat da, eta harremana elkarrenganakoa denean interakzio baten bihurtzen da.

Nere iritziz, blog-ekin interakzionatzeko edo elkarrekiteko eremu berriak miatzen ari gara, beraz ez gara edukiez hitz egiten ari, soilik. Baizik eta, berez, debatea elkarrekiteko moduaz izan beharko luke. Hau da, ikasgaietako edukiak blog-aren bitartez ikasten den zer bat litzateke; baina blog-a erabiltzeko gaitasuna, ikasgaia eta edukiak, ikasle eta ikaslearen artean nola erabiltzea litzateke; eta azkenik, hori dena horrela egitearen zergatia aurkitu beharko litzateke.

Ondorioz, zer hori edukia da, nola hori zehar-konpetentzia, eta zergatia bide berri honi ematen zion balioa.

 Blog-en erabilpenak nola eragingo luke ikasle eta irakaslearen arteko harremanean? Eta ikasleen artekoan? Adibide bat: arrazoi positibo modura, ikasgelan parte-hartzea ausartzen ez diren ikasleei lagungarri egingo zaiela, edo errezago, blog-aren bitartez beren ideiak eta eritziak plazaratzea. Hori ez al da, era berean, ikasle horrek duen zailtasuna zokoratzea, gainditzen lagundu ordez, ez al gara arazoei zeharbide bat bilatzen erakusten ari? Ez al da osasuntsuagoa arazoei aurre egitea?

zainak ezkutatzeko gaitasuna

Posted on Urtarrila 22nd, 2008 in eguneroko bizitza | 1 Comment »

Posible al da zainak beren kasa ezkutatzea? Eduki al dezakete horrelako gaitasunik? Eta hala izango balitz, zertarako nahiko lukete inorengandik ezkutatzea? Zer lukete irabazteko?

Azken urte hauetan, adinean ere aurrera goaz nonbait, hainbatetan tokatu izan zait erizain guapa batek odol atera behar izana. Eta hara zer diren gauzak non, bata bestearen atzetik, protokolo bera bete izan duten nere zainen ezkutatzeko afizio berezi honen aurrean –erizain eskolak ondo betetzen omen du bere lana-: “tira, beste besoan saiatuko naiz” normaltasun tonu zeremoniatsu bat erabiliz; “jesusmaria, nerbioso al zaude motel?” eta eskumuturretan saiatzen da, kolpetxo batzuk ematen dizkidate zainak berpiztu nahian bezala eta bromekin jarraitzen dute ni lasaitu bide. “Ezkutatu egiten al dira ba?” nik, egoera ez zaidala arraro egiten erakusteko; eta beste eskumuturrean somatzen ditut kolpeak; “ba ez da inolako txorakeria, aizu”, nere egoera emozionalaren arabera zainak ager eta desagertarazteko gaitasuna eduki dezakedala baieztatuz bezala. Hurrena ariketa fisikoak dira, besoa gora eta behera eragiteko agintzen didate, eskua itxi eta ireki ez dakit zenbat bider, eta finean “tira, saiatu egingo naiz bale…?”, batere ziurtasunik erakusten ez duen doinuaz. Halere okerragoa litzateke asperrak bultzatutako saiakera balitz.  

Nik ez dakit zain txikiak ditudan, urduritasunaren ondorioz edo haurtzaroko trauma baten ondorioz burmuinak ezkutatzeko agindua bidaltzen dien zainei, kolore gabeko odola dudan, edo zer arraio pasatzen den!, baina, argiesangoizut, erizain petral hoiei nee errue dala entzutez potrotaino nao, ostia!

ongi etorria

Posted on Urtarrila 21st, 2008 in ipuinak | 1 Comment »

Egunero Laiarekin parkera joateko ordua iristear zegoenea, zirrara moduko bat sentitzen nuen bular barruan. Alabarekin ordu bete zoragarri bat pasatzeko modua bilatzen saiatzen nintzen beti, eta ia beti joaten ginen bezala itzultzen ginen, haserre. Sekula ez zuen nerekin bakarrik parkera joan nahi, haserako bultzada komuneko armairu txikian izkutatzea zuen. Azkenik negar batean besoetan hartzen nuen eta ahalik eta azkarren parkera iristen saiatzen nintzen. Kulunkak zuen Laia isil erazteko giltza. Gero Aitor, Garbiñe, Nahia eta Pedrorekin elkartu eta jolasean pasatzen zuen denbora gehiena, etxera bueltatzeko ordua iritsi arte eta berriz ere negar erasoa hasi arte.  Egun hartan, betiko bankuan jarrita nengoen baita betiko ideia-nahasketa zurrunbiloan murgildurik ere: zer egin Laiarekin egun-pasa berezi bat igarotzeko. Bultzaka zekarren orga baten atzetik amona ile-zuri bat azaldu zen. Plaza erdian paratu, orga barrutik ateratako guardasola ireki eta kako batean sartu zuen. Poliki poliki guardasolak sortzen zuen itzal azpian eseri zen kamping jarleku txiki horietako batean. Usoei jaten emateko pipa paketetxoak saltzen zituen eta orga gainean pilo bat kontu handiz ipini ondoren, bat hartu eta ireki egin zuen. Parkeko ume guztiak amonaren ondora hurbildu ziren eta maitekiro hitz eginez usoei jaten ematen lagunduko zioten galdetu zien. Ume guztiak asaldaturik “bai” ikaragarri bat erantzun zuten aho batez. Amonak, pazientzia miresgarriz hitz egiten zien umeei eta paketetxo bana emanez, eztiki, usoak ez beldurtzeko ez garraixirik ezta mugimendu zakarrik ere ezin zela egin azaldu zien. Laia ume taldetik aparte xamar kokatu zen eta apurka apurka, uso bat beste baten atzetik bere ondora erakarri zituen amonaren teknikak jarraituz. Zoratzekoa zen Laiaren aurpegia, haren emozioa, haren irrifarra aho bete hortz, bularra gora eta behera zebilkion bihotza saltaka. Gainontzeko umeek zirkulu handi batean bildu zuten Laia, isiltasun mistiko batean. Amona, bere lekutik altxa eta Laiarengana hurbildu zen buruarekin onesten zuen bitartean. Umeek korridore bat ireki zioten eta erregina zahar baten handitasunez Laiaren pareraino iritsi zen. Esku batez masaila laztantzen zion bitartean bestearekin uso bat hartu zuen. Laiaren aurpegiko eskua usoaren lepora eraman eta hatzez, arrano erpe bilakatuz, lepoa bihurrituz akabatu zuen.