Behingoz argi eta garbi ikusi dut. Arima sakoneko meandro lohitsuetan galduta edo ezkutatuta edo zokoratuta biziraun duen hura. Bihotza ere belzten didan hura, gau baten atzetik, beste bat eta beste bat, amaierarik gabeko iluntasun hotz eta printzatu batera bultzatzen nauen hura. Garbitasunik gardenenean antzemateko gai izan naiz. Azkenean. Zer egin orain? Atea joko al dut? 

“Laiak oso arduratuta nauka” zioen amonak harraskatik burua altxatu ezinik. Begiak  eguneroko kafe garratza hartzen zuen eta garbitzen ari zen kikaran hiltzaturik zituen. Mostratxak jaboi guztia galdua zuen jadanik, baina amonak bira eta bira ematen zion barrutik kikarari, gelditzeko gauza izan gabe. Gorputz garaitua zirudien.

 “Ez zaitez berriz horrekin hasi ama” erantzuten zion amak, “mesedez…” erregutu ere. Nolabaiteko grazia egiten jarraitzen zidan amak amonari ere ama deitzea. Nik ulertzen nuen, baina Nuriak lau urte zituenez oraindik ez. Nik bederatzi nituen. Amak ez zuen amonarekin eztabaidatu nahi. Lehen ere entzun izan nituen nitaz hitz egiten, baita eztabaidatu ere, garraixi batean. Amonak negar-zotinka amaitzen zuen gehienetan. Haseran amak eztabaidarako bidea ematen zion baina azken aste haietan ez zion hitz izpirik ere esaten uzten, zuzenean txilioka erantzuten zion bere burua erasotua ikusten zuenean. 

Mirenek, ikastolako psikologoak, egoera horiek lasaitasunez hartzeko eskatzen zidan. Nik ez nituela errieta haiek ulertzen esaten nion eta berak ama-alaben arteko urteetako tira-birak zirela esanez lasaitzen saiatzen zen.

 “Nuria esnatuko duzu deiadar horiekin” gogorarazten zion amonak amari. Ez zuen jada bere burua beste inor erabili gabe babesteko indar nahikorik gaixoak. Pena ematen zidan. Ez nuen ulertzen amonari horrela hitz egiteko arrazoiak nondik sor zitezkeen: basakeria horiek baserrian gertatzen zirela, nahi izan ezkero beste alaba batekin bizitzera joateko, uzteko pakean bere familia… Amak oso krudela izaten bazekien nahi zuenean.