beti dago beste pauso bat emateko (II)
Posted on Urtarrila 29th, 2008 in ipuinak |
Egunez egun egoera larritzen joan zen, orain ikusten dut. Amonak ez zuen inora joateko intentziorik, bere iloba bakarrekin geratuko zen, bere eguzki eta ilargi ginen Nuria eta Laiarekin. Gure zaintzailea zen, jaten ematen ziguna, garbitzen gintuena, ipuinak kontatzen zizkiguna, ikastolara eramaten gintuena, negargure eta penak arintzen zizkigunak, gurekin jolas egiten zuena, kaletik pasiran eskutik heltzen gintuena…
Amonagan gehien gogoratzen dudana esku zimur haiek dira. Erroitzez pitzatutako azal fina zuen amonak, baserriko lanaren ondorioz eguzkiaren beroaz ilundutakoa. Horrexegatik ere hatzetan berealdiko indarra garatu zuela pentsatzen nuen maiz, arranoaren erpeak ziruditen, baina zirujauaren doitasunarekin erabiliak. Egia esan, oraintsu arte aita-amaren oroitzapenik ez nuela gordetzen pentsatzen nuen, amonaren eragin ikaragarriarengatik eta gurasoen bizitza lanpetuagatik. Baina oker nengoen. Orain badakit.
Amonak kikara garbitzen jarraitzen zuen. Eskuak kanilako urazpiaren berotasunean beratzen ahaztuta bezala. Berrindartzen ari zen amona, bere gorputzari baino gogoari denbora apur bat ematen alabari aurre egin ahal izateko. Egi haundi bat esateko. Alabak sinetsi nahiko ez lukeen egia. Ahoskatzeko gai izango ote zen kezka sortarazten zion egia mingarria.
Amonak eskutrapua hartu eta poliki poliki bere gorputz makurtua zuzentzen hasi zen. Kanilako txorrota itxi, kikara bere txapaldan utzi keinu zeremoniatsu batean, eta amarengana zuzendu zen mugitzeko zailtasuna sortarazten zion erren pittin batekin. Trapua eskuartean zuela, beti bezala, sineskeri kutsu bat gordetzen duen antzinako erlikia bailitzan, amaren parean paratu zen. Baserritik amonaren gurariz ekarria izan zen korridoreko paretako ordulariak, aitonaren oroigarri bakarra, goizeko zortzirak eman zituen. Denbora geldi-geldi pasa ohi zen. Arnasa sakon hartu zuen amonak, indarberritzeko falta zuen azken keinua izango balitz bezala. Baina ez, bere azken arnasaldia izan zen ordea.
Begiak okertu zitzaizkion zerura begira eta zerraldo erori zen amaren oinetara, ahuspez. Esne katiluak eskuartetik ihes egin zidan eta negarrez hasi nintzen. Amak ez zuen txintik ere atera. Eskuineko oina amonaren aurpegi azpitik atera eta telefonora hurbildu zen. Ordu laurden bat itxaron genuen biak eserita, bata bestearen ondoan, hitzik esan gabe. Anbulantzia etorri, amona lurretik jaso eta eraman egin zuten. Ama berarekin joan zen. “Aitatxo berehala etorriko da. Itxaron hemen eta azaldu gertatutakoa”.