Archive for the ‘hezkuntza’ Category

bloga eta ikasgela

Posted on Otsaila 8th, 2008 in hezkuntza | 1 Comment »

J. Delorsen  http://www.unesco.org/education/pdf/DELO…) zuzendaritzapean UNESCOri egindako txostenean oinarritu omen dira euskal curriculumeko konpetentzien proposamena  egiteko. Bertan, hezkuntzaren lau zutabe edo oinarri aurkezten dira: ezagutzen ikasi, egiten ikasi, elkarrekin bizitzen ikasi eta izaten ikasi. Funtzio horiei guztiei komunikatzen ikastea gehitu diete. Noski, hori ez da debalde. Arrazoiren bat edo beste izango da hori horrela izatea erabakitzeko. 

Derrigorrezko Eskolaldirako Euskal Curriculumean (32. orrialdea) esaten den bezala: “Gure planteamenduaren arabera, irakasle guztiak hezitzaileak dira, eta haien funtzioa ikasleak bizitzaren eremu guztietan modu egokian jarduteko prestatzea da. Irakasleen funtzioa ez da “haien” diziplina irakastea bakarrik; gainerako irakasleekin batera, komunikatzen, elkarrekin bizitzen, norbera izaten, egiten eta ekiten ere irakatsi behar baitute. Horrek guztiak hezkuntzari eta hezkuntzaren irakaskuntzari buruzko ikuspegi aldaketa dakar, eta pentsamenduan eta irakasleen jardunean aldaketak eta doitzeak behar ditu.” 

Auzi honetan, nahiz eta testuan zehar konpetentziek garrantzi berdina dutela hainbatetan aipatzen den, eta nahiz eta neu ere baieztapen horrekin bat etorri, gaur egun komunikazio eraginkorrari tentu berezi bat zor zaiola esango nuke. Komunikabideak, mundu global berri honetan, azken hamarkadetan garatze prozesu itzelenetakoa jasan duten faktorea dira, beste batzuen artean.

Oraintsu EEBB-tan dudan lagun baten gorabeherak ezagutzea zoragarria da, bere ondoan egotearen antzekoa da, poteatzen edo afari bat egiten degunean kuadrilako gehienok dakigu zertan dabilen eta horretaz hitz egiten dugu kasik laguna present balego bezala. Antropologia ikasten nueneko beste lagun pare baten ikerketen pausorik pausoak jarraitzeko ere erraminta ezin hobea da bloga. “Trabajo de campo” egiten ari dira hortik zehar, eta gozada bat da “El antropologo inocente”-ren zuzeneko bertsioak irakurtzea(http://www.anthroblogs.org/antropologia/archives/antropologia/antropologos/antropologos_britanicos/nigel_barley/el_antropologo_inocente/). Eta abar luze bat. 

Baina hezkuntzari begira, hezkuntza formal eta akademikoari begira, ezinbestekoa suertatzen zait urrutiko hezkuntzan pentsatzeak, edo Universitat Oberta de Catalunya-n adibidez. Hau da, presentziarik ez dagoenean, ezin denean eman, irtenbide miresgarria da bloga. Baina bestalde, ikasgelaz gaineko zer eskeintzen du blogak, blogen bitartez komunikatzen den ikasle taldeak zer irabazten du? Gauza gehiegi ez. Ez det gaizki dagoenik esan nahi, edo txarra denik; baina bai, ezin daitekeela inolaz ere ikasgelan ematen den harreman interakzio magiko horren ordezko izan. Lagungarri bat, beste erraminta bat gehiago, teknologia berrien menpe bizi garen garai honetako beste instrumentu bat; bai, bai, eta bai.  

Beste adibide bat, askoz garrantzitsuagoa iruditzen zait Garapenerako Hezkuntza batean lan egitea, “hirugarren mundua”-rekiko dugun distantzia areagotuko duten teknologia berriekin lan egitea baino. Guk aurrera eta aurrera ekiten dugu 100 kilometro orduko abiaduran, eta hegoaldeko herrialde gehienak 20 kilometro ordukoan, behintzat faktore ekonomikoen arabera; eta ezinbestekoa da tarte hori murriztea. Horrek ez du esan nahi blogak baztertu egin behar direnik, beste funtzio batzuk bilatu dakizkiokegula baizik, adibidez, auskalo nungo unibertsitateko ikasleekin harremana bideratzea.

profesor 2.0

Posted on Urtarrila 25th, 2008 in hezkuntza | 2 Comments »

Hurrengo helbidean (http://mu20.blogs.mondragon.edu/) esaten denarekiko burutazio batzuk 

Oker ez banago, zuen blog-en erabilpen berri eta berritzailearen atzean, alde batetik, teknologia berrien erabilpenak esploratzea eta bestetik, ikasleen parte-hartze eta ikasteko forma berriak daudela iruditzen zait. Ez da saiakera makala, bejondeizuela!

Halere, irakurri dizuedan oro edukien inguruko hausnarketak dira soilik, naiz eta zuzen-zuzenean ikaslearen parte-hartzeaz ari zareten: ikasleen artekoaz, ikasle-irakasle binomioaren artekoaz eta ikasle-talde eta irakaslearen artekoaz. Eta honek dimentsio berri ugari irekitzen ditu. Begi bistakoa da komunikatzeko forma berriek harremanatzeko erak ere aldatzen eta baldintzatzen dituela, baina bide batez argi dagoena, harreman prozesuaren funtzioa indarrean jarraitzen duela da. Hau da, harreman bat beste bati bideratutako ekintza bat da, eta harremana elkarrenganakoa denean interakzio baten bihurtzen da.

Nere iritziz, blog-ekin interakzionatzeko edo elkarrekiteko eremu berriak miatzen ari gara, beraz ez gara edukiez hitz egiten ari, soilik. Baizik eta, berez, debatea elkarrekiteko moduaz izan beharko luke. Hau da, ikasgaietako edukiak blog-aren bitartez ikasten den zer bat litzateke; baina blog-a erabiltzeko gaitasuna, ikasgaia eta edukiak, ikasle eta ikaslearen artean nola erabiltzea litzateke; eta azkenik, hori dena horrela egitearen zergatia aurkitu beharko litzateke.

Ondorioz, zer hori edukia da, nola hori zehar-konpetentzia, eta zergatia bide berri honi ematen zion balioa.

 Blog-en erabilpenak nola eragingo luke ikasle eta irakaslearen arteko harremanean? Eta ikasleen artekoan? Adibide bat: arrazoi positibo modura, ikasgelan parte-hartzea ausartzen ez diren ikasleei lagungarri egingo zaiela, edo errezago, blog-aren bitartez beren ideiak eta eritziak plazaratzea. Hori ez al da, era berean, ikasle horrek duen zailtasuna zokoratzea, gainditzen lagundu ordez, ez al gara arazoei zeharbide bat bilatzen erakusten ari? Ez al da osasuntsuagoa arazoei aurre egitea?